XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izan ere, Atxagak bide desberdinak ibili ditu eta saiatu literatur bakar bat idazteko asmoz.

Genealogia hori kontutan hartuta, onartu beharra dago modernismoaren eta postmodernismoaren kronologia jarrai eta kontsekutiboak ez duela zentzurik Atxagaren lanean ere.

Atxagak atzerrian garai kronologiko desberdinetan gertatu diren literaturak asimilatu eta erabili baititu, bere kronologia propioaren barnean komenientziaz txertatuz.

Are gehiago, Obabakoak-en kasua lekuko, Atxagak asimilazio saiakera desberdin horiek bateratu egin ditu idazlan bakar batean, estilo eta literatur mota desberdinak elkarren ondoan ordena oso libre eta aldakorrean bilduz; hain zuzen, edozein literatur hegemonikoren kronologikoaren arabera koherentzi-gabezia baino adieraziko ez lukeen maneran.

Adibidez, modernismo garaia errealismo magikoa baino lehen gertatzen dela kontutan hartzea baino ez dago arestiko kronologiaren zentzugabetasuna frogatzeko.

Beraz Atxagaren beraren kronologiatik begiratuz zera gehituko nuke, lehen modernismo klasiko bat eta gero, Atxaga errealismo magikoaren bidean barneratu zela Camilo Lizardi eta Jose Francisco bezalako ipuinekin.

Alabaina, aurrerago azaltzen saiatuko naizen arrazoi batengatik, errealismo magikoaren bideari ere utzi egin behar izan zion, eta orduan moderniano garaiaren bideari heldu, bere aurreko literatur ekoizpenaren gehiengoa liburu bakar batean, modernistakiro, bateratuz: Obabakoak.

Atzeraurre diskurtsibo guzti hauen atzean kontuz begiratuz gero, beti konstante diskurtsibo bat dago, eta hain zuzen konstante hori hobeto harrapatu eta idatziz emateko asmoz egin ditu Atxagak goian aipatutako aldaketok.

Konstante hau alegoria espazial bat da, hain zuzen euskarak sortarazten duen komunitate imaginarioaren muga markatu eta aztertu nahi duen alegoria.(41) Komunitate imaginario terminoa Benedict Anderson-ek azaldutako zentzuan darabilt. Ikus bere Imagined communities. Reflections on the origins and spread of nationalism, London eta New York, 1984 (4. arg.).

Mugaren alegoria espazial hau era modernista, errealista edota errealista-magikotan eman digu Atxagak baina, alegoria bezala, bere idazkera guztia giltzarritu du.

Dagoeneko hiru aldi edota idazkera berezi ditudanez Atxagarenean (modernismo klasikoa, errealismo magikoa, modernismo garaia) hiru aldiok bereiztetik abiatuko naiz, guztietan datzan alegoria topologiko iraunkor hori aztertu eta ulertzeko.